XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hamar minutu pasa dira.

Ezpain tartetik odol hari bat galtzen duk oraindik.

Ez duk izanen hire azken odol galdua.

Hamaika minutu. Aurpegia horitasun matez koloratzen hasi zaik, betondoak markatzen zaizkik bakarrik urdin, more edo gristasun arrasto batez.

Hamabi minutu. Kotxea semaforo batetan geratzen duk.

ZORTZI T`ERDIAK.

Hire anaia nagusiak Ascensores Ismo Hispaniako porterian, egunero bezala fitxatzen dik.

Hamabost minutu. Ezpainetako gorritasuna itzaliz doakik.

Zuriak dauzkak orain.

Hortzetan odolaren beltzunea ageri duk.

Hamasei minutu. Hire amak egunero bezala kupoi-tira bat erosten ziok Brecha-ko itsuari Entonces qué te dijo. No me dijo nada.

Hogei minutu pasa dira kamilla baten gainean etzaten hautenean.

Hogeitabat hire gorputza ukitu bezain laster odolez zikindu den izera zuri bat gainetik botatzen diatenean.

Hogeitahiru minutu Zubillaga, hospitaleko interno batek, pultsoa hartzeko eskumuturretik heltzen dianean.

Radio Nacional de Españak eguraldiaren berri ematen dik.

Hogeitabost minutu. Ez duk ikusten heure betazalak herstera aurreratu den emakumearen eskua.

Bederatziak hogei guti.